XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Polyplacophora. Hal.: Poliplakoforoak. Zortzi plaka teilakatuez estalirik dauden molusku itsastarrak, kitoi izen arruntaz ezagutuak eta normalki klase kategoria dutenak.

Gorputz oboidea, dortsobentralki zapaldua dute eta oin zabal eta narrastailedunak eta buru nabaririk gabekoak dira. e. Polyplacophora; f. Polyplacophora; i. Polyplacophora.

Polyplacophora. Itsasbazterrean bizi dira substratu arrokatsuen gainean oinaren bidez tinkatuta, alde intertidaleko eta hondo sakonetako espezieak ere existitzen direlarik.

Tamainaz 1-33 cm tartekoak izaten dira; 350 bat espezie fosil eta 600 bizi daude deskribatuta.

maskorraren kuskuak / kuskuen muskuluak / ahoa / gerria / ktenidioak / ktenidioak / uzkia / oina.

Ird. Poliplakoforoak: A: Poliplakoforo baten eskema, albotik ikusita; B: kitoi bat, sabelaldetik.

Maskorreko zortzi plaka giltzatuek babesten dute kitoia, eta gorputza tolesteko ahalmena eskaintzen diote, modu horretara, substratuko angeluetara doitzeko.

Barrunbe paliala gorputzeko albo bakoitzetik doan ildoa da, oinaren eta mantuko ertzaren artetik.

Bertan brankia-pare asko egoten dira (7tik 20ra), kopurua espeziez espezie aldatuz.

Kitoiaren mantuko ertzak substratuari atxekita egoten dira, eta, horrela izanik, ildo paliala ganbara itxia balitz bezala geratzen da.

Ur-korronteek aurrealdetik sartu eta atzeranzko norabidea daramate.

Poliplakoforo gehienak mikrofagoak dira, eta elikatzeko arroken gainazalak karraskatzen dituzte erradulaz bertako algak ahoratuz.

Ahoa superfizie bentralean kokatua da, oinaren aurretik, eta liseriketa mekanikorako diren zenbait egiturez gain, listu-guruinak ditu.

Esofagoko zilioek bultzatzen dituzte urdaileraino lingirdaz nahasturiko janari-kiziak; bidean azukre-guruinek amilasa jariatzen dute.

Liseriketa estrazelularra da ia zeharo.

Uzkia terminala da.

Gorotz solidoak egozten dituzte, ur-korronte eshalatzaileek urruntzen dituztelarik.

Azken plaka bien azpian kokatutako altzo perikardikoa zabala da.

Aurikula-pare batek batzen du brankia guztietatik ailegaturiko odola, eta gero, bentrikuluak bultzatzen aurrerantz aortan zehar.

Nefridio biak handiak dira; altzo perikardikoarekiko kontaktuan daude eta nefridioporoak ildo palialera irekitzen dira, alde bakoitzeko azken brankia-pareen artean.

Nerbio-sistema oso primitiboa da. Ez du gongoilik.

Eraztun zirkumesofagikotik atzeranzko kordoi-pare bi irteten dira, zeintzuek zeharkako lokarriak edukitzen bait dituzte, eskailera ereduko nerbio-sistema eratuz.

Zefalizazio-ezarekin erlazionatuta, sentimen-organo sinpleak egoten dira soilki: organo kimiohartzaileak ildo palialean, eta plaketako tegumentuan estetak, berauek ukimen eta ikusmenekoak izan daitezkeelarik, hau da, kitoiak argi-kinadei eta taktilei erantzuteko gai dira.

Poliplakoforo gehienak dioikoak dira.

Altzo perikardikoaren aurrean kokaturiko gonada handi bakarrak gonoduktu bi ditu, hau da, gametoak ez dira nefridioen bidez ilkitzen.

Animaliotan ez da kopularik behatu.

Itsasora askaturiko espermatozoideak emearen ildo palialera iritsitakoan jazotzen da ernalkuntza, berau kitoien gregarismoak errazten duelarik.

Ohizko lakainketa espiralak, bizimodu askeko trokofora sorterazten du, baina, beligerrik ez da garatuko.

Beliger larbaren gabeziak, plakazko maskor honekin batera, poliplakoforoen primitibotasuna iradokitzen du, hots, moluskuen eboluzio-lerro nagusitik oso goiz aldendu zirela. Kepa Altonaga.